Dantza bat opari

Abenduaren 23an Azpilagañako ezpata dantza aurkeztu zuen Oberena dantza taldeak, Nafarroako Gobernuak babestuta. Horren aurretik, Olentzerorekin ibili ziren, kantuan eta eskean. Hona egun horretako kronika || El 23 de diciembre Oberena dantza taldea estrenó la ezpata dantza de Azpilagaña, con la ayuda económica del Gobierno de Navarra. Antes de ello, sacaron a Olentzero a pasear por el barrio. Ésta es la crónica del día:

2019-01-08 17:13

Eguzkiak epeldu zuen abenduaren 23ko eguerdia Arrosadia eta Azpilagaña auzoetan. Egun berezia zen. Urtero bezala, Azpilagañako Olentzeroren kalejiran parte hartu behar zuten Oberenako dantzari eta musikariek, baina, aurten, tradizio berri bat aurkeztuko zuten. Aurretik lan handia eginda, lasai antzean agertu ziren zenbait dantzari Oberenan bermuta hartzeko, eta, ondotik, elkarrekin bazkaltzeko.

Bapo jan eta edanda, Oberena Gaztea taldekoak ikusi zituzten jantzien gelara hurbiltzen. Atera aurretik, azkenengo ukituak eman behar zizkioten haiek beraiek aurretik prestaturiko Olentzerori. Urduritasun punttu bat bazen: nolakoa izanen zen panpina, nola erantzunen zuen auzoak… Baina gogoa ere bai. 16:10ak aldera, lau gaztek sorbaldan hartu zuten Olentzeroren panpina, eta kanpora atera zuten. Lehenbiziko sorpresa: Olentzero punkia zuen Oberenak!

Oberena dantza taldearen Olentzero, elkartearen atarian

Lan bikaina egin zuten gazteek, eta harro-harro eraman zuten Olentzero batetik bestera. 16:20ak aldera Oberenako atarian ziren dantzari eta musikariak, kalejira abiatzeko prest. Alfredo Floristan plazan egin zuten lehenbiziko geldialdia. Haur eskolako guraso eta haurrak, eta Arrosadiko Kultur Koordinadora ziren esperoan. Tira, batzuk esperoan, besteak juxtu xamar ailegatu ziren. Ahotsa sobera berotu gabe, eta urduritasun punttuarekin, lehenbiziko bertsoa bota zuten dantzariek, Olentzero goraturik:

Urtero Arrosadian
Olentzero bada,
Baina joan behar dugu
Azpilagañara.

Auzora etortzeko
badugunez traba,
gero ezinen dugu
ta orain heldu gara.

Arrosadiko adiskideek, ordainetan, merendu ederra prestatu zuten. Bokadu eta bokadu artean, aukerarik izan zen mazurkaren bat edo beste dantzatzeko. Bien bitartean, auzokide batzuek Olentzerorekin argazkia egiteko probextu zuten.

Arrosadiko Kultur Koordinadorak eskainitako merendua, Alfredo Floristan plazan

Zintzurra busti, tripa bete, eta Albeniz tabernara abiatu ziren denak, Olentzeroren atzetik. Tabernako jabeak atean zirela eskaini zizkieten bertsoak. Auzoan aspaldi erroturiko ostatua da Albeniz, baina itxura berritu zuen duela gutxi:

Dantzan etorri gara
salto eta zote.
Bilatzen ari ginen,
hau Albeniz ote?

Dotore jarri da ta
utzi du bibote
janaria emanda
atera hainbat pote

Albeniz tabernaren atarian dantzan

Jota eta porrusalda ez ziren faltatu Albeniz karrikan. Denbora askorik ez zen izan, eta batzuk tragoa biderako eraman behar izan zuten. Zain ziren ordurako Azpilagañako Erretiratuen Elkartean. Presidenteak hartu zituen Oberenako dantzari eta musikariak, hunkiturik. Bertso eta dantzen truke pastak eta polboroiak banatu zituen; baita trago zenbait ere

Jubilatuen etxea
gaur dugu laguna.
Zuek esperientzia
guk gaztetasuna.

Ederra merendua,
hau prestutasuna.
Topa egin nahi dugu,
ta opa osasuna.

Azpilagañako Erretiratuen Elkarteko presidenteari kantuan

Denek ezin izan zuten erretiratuen elkarteko eskaintzarekin gozatu. Bederatzi dantzari azkenengo geldialdira abiatu ziren, ziztu bizian. Ordu erdi luze zuten jantziak aldatu, hankak berotu eta Azpilagañako ezpata dantza estrainekoz emateko. Luis Morondo karrikako etxabe batean elkartu ziren bederatziak. Urduritasunak gora egin zuen, emozioak bizi-bizi. Etxabearen kanpoaldean auzokoek eta Azpilagañako Kultura Koordinadorak eskainitako merendua prest zen: salda, gazta, txorizoa, urdaiazpikoa… Barruan, dantzariak, apain-apain janzten, batak besteari laguntzen. Halako batean kantuak aditu ziren kanpoan, gainerakoak ailegatu ziren etxabera, eta une horretan dantzari batzuek txinaurriak antzematen zituzten sabelean.

Jadanik hartu dugu
guk aski janari.
Hala ere eskerrak,
Azpilagañari.

Konpetentzia eginez
guk Olentzerori,
dantza berri bat dugu
denontzat opari.

Azkenik, ailegatu zen tenorea. Jantzi berriak soinean zituzten bederatziek. Txapela beltza, koloretako zapi dotoreak, txintxarri hotsa eta Encarna Salvatierrak jositako gonak. Zapia lotzeko, norberak bere paparrekoa. Ezin ahantzi Cristina Sanchez bizkaitarrak eskuz egindako makil ederrak.

Azpilagañako ezpata dantzan erabiltzen diren makilak, dantzan ateratzeko prest

Azken beroketak egin, eta 18:10ak pasata Luis Morondo eta Miguel Astrain karriken artekalera abiatu ziren dantzari eta musikariak. Iker Tubia, Josune Egea, Arkaitz Zubieta, Irene Araujo, Iñigo San Martin, Jaizkibel García, Silvia Milagros, Ainhoa Izkue eta Sara Anizek osatu zuten ezpata dantzari taldea. Txistulari banda musikari hauek osatu zuten: Aitor Urkiza, Ainara Martínez, Ricardo Madinabeitia, Javier Zubiri, Ainhoa Bueno, Jabier Landa, Odei Carte eta Asier Murugarren.

Azpilagañako ezpata dantzariak, abiatzeko prest. Irudia: Uxue Monreal

Ilun ziren karrikak, eta behelainoak hartua zuen auzoa. Halako giro misteriotsua eman zioten dantzaren aurkezpenari. Ezpata dantzariak borobilean bildu, makilak elkartu, eta neguko konjurua egin zuten: Elur malur, ez nauk hire beldur. Badiat etxean nahikoa arto eta egur. Makilak elkarri eman, formazioa osatu, eta txistularien doinuei jarraiki abiatu ziren denak plazara, lehenbiziko karrika-dantzarekin makil gurutzeak eginez.

Azpilagañako ezpata dantzariak, makil gurutzeak egiten. Iruda: Uxue Monreal

Jendez mukuru zen plaza, auzoan dantzak sortutako ikusmiraren adierazgarri. Plaza erabat hartua zen, eta Luis Morondora igotzeko eskailerak ere bete ziren. Dantzarien bihotzeko taupadak azkartzen hasi ziren. Zortzikoarekin indarrez sartu ziren dantzariak plazan, bukaeran makilak elkarri eman, eta ezpata dantza eskaintzeko. Txalo zaparrada jaso zuen Oberenak, irribarreak (eta malkoren bat ere) ezker-eskuin, kontent agertu ziren parte hartzaileak.

Dantza bukaturik, Olentzero agertu zen (hau hezur-haragizkoa), Mari Domingirekin batera. Ezpata dantzariek zubia egin zieten azpitik igaro zitezen, eta, ondotik, Julia Zalba eta Yong Ladrón dantzari gazteek agurra dantzatu zieten, ongi etorria emateko. Berehalaxe igo zuten malda Luis Morondo karrikara bidean, eta orduantxe abiatu zen Azpilagañako Olentzeroren kalejira. Argazkietarako denborarik ez zen izan, beraz, azkenean, ezpata dantzariek eta txistulari batek atera zuten argazkia.

Ezpata dantzariak behelaino artean, dantza bukatu ondotik

Etxabera bueltatu, ezpata dantzako jantziak erantzi, eta salda eta jatekoa hartu zuten bederatzi dantzariek. Urduritasunak pasata, solasalditxo bat egin, patxaran kopatxo bat hartu, eta gainerakoekin batera bildu ziren kalejirara.

Heldu den urtean gehiago. Zentzu guzietan gehiago.

Dantza bukatu ondoko erroskilak eta patxarana