Taldearen historia
1941eko urtarrilaren 20an, Oberena eratu zutenek folkloreari eta peñari garrantzi handiagoa ematea hitzartu zuten. Pentecosteren eskutitzak jarri zuen abian Oberena Dantza Taldea. Bertan, dantza lotua gaitzetsi zuen, baina era berean, dantza galdurik zen lekuak hartzeko gonbita luzatu zien gazteei. Hasiera batean gizonezkoek bakarrik osatzen zuten taldea, eta Iruñetik kanpo Elon dantzatu zuten estreinekoz. Iruñean abenduaren 3an dantzatu zuten lehenbizikoz, Perkain pilotalekuan. Data hau garrantzitsu bihurtu zen dantzariontzat, eta egun, Oberenako dantzarien eguna ospatzen dute Xabierren egunean. Urte amaieran, taldeari behar-beharrezko elementu bat falta zitzaiola konturatu ziren: emakumezkoak. Honela ba, emakumeak ere sartu ziren dantza taldean. Ilusioz beteriko garai haietan, zozo dantza, ezpata dantza, esku dantza eta larrain dantza berreskuratu zituen taldeak, eta entseguetarako Zapateria 40ko zuloak erabiltzen hasi ziren. Normalean igandeetan dantzatzen zen, batzuetan bestetan, eta bertze batzuetan futbol taldeak egiten zituen bidaiak aprobetxatuz. Nafarroako herri anitzetan dantzatu ziren, eta Iruñean, Euskal Jai pilotalekuan (2004an erauntsia), “Mecan”, Gayarren zein Perkain pilotalekuan dantzatu ohi zuten.
Taldea 100 bikotek baino gehiagok osatzen zuten, “Alaitasun Egunean” Iruñeko zezen plaza betetzen zutenek. 1946an atzerrira joan zen lehen aldiz dantza taldea, Zaragozara hain zuzen. 1950eko hamarkadan Madrilgo ferietara joan ziren eta handik aitzin hasi ziren bidaiak.
1960ko Eguberrietan, Oberena dantza taldeak Labriteko Jaialdia prestatu zuen, 1974. urtera arte iraun zuena. Iruñeko Orfeoia eta banda militarraren laguntzaz, geroago Santa Zezilia Orkestragatik ordezkatuko zena, Jesus Guridiren Eusko Irudiak, El Caserioko preludioa eta Amayako ezpata dantza dantzatzen ziren.
1965ean, Obanosko Misterioa estreineko aldiz bertako plazan antzeztu zen. Miguel Retaren koreografiak Oberenako 18 bikotek dantzatu zituzten gaur egun ere egiten den antzezlan honetan.
Arazo guztiak gaindituz, 70ko hamarkadan Irlandara abiatu zen Oberena dantza taldea. Bidai horrek taldearen baitako banaketa eta hausturak ere ekarri zituen, eta hurrengo bi hamarkadetan barne talkak eta gatazkak izan ziren nagusi. Lehenbiziko banaketa 1973. urtean izan zen, eta alde egin zuten kide horiek Ortzadar Euskal Folklore Elkartea sortu zuten. Beranduago, 80ko urteetan, taldekideen arteko ika-mikek bigarren haustura eragin zuten eta kide anitzek utzi zuten taldea. Haietako asko Burlatan sortu berri zen Larratz dantza taldera joan ziren.
Taldearen baitako afera hauek goiti beheiti, taldeak dantzak ikasi zituen, errepertorioa handitu zuen, emanaldiak eta ikusgarriak eskaini zituen, bidaiak egin zituen (Mallorca, Frantzia…), euskal jantziak berreskuratu zituen eta, batez ere, tikien harrobia lantzen ibili zen, gerora taldearen ardura hartuko zutenak dantzan heziz. Lan hori eta berau egin zutenek mantendu zuten taldea eta horri esker 1980ko hamarkadan egonkortasuna berreskuratu zuten.
90eko urteetan 50. urteurrena ospatu zuten. 1991. urtean hain zuzen ere, ehunka dantzari eta dantzari ohi bildu zituen Labrit frontoiko dantza jaialdiak. Hamarkada horretan sona handiko nazioarteko jaialdietan parte hartu zuen Oberena dantza taldeak, hala nola, Bulgarian, Kanadan, Alemanian, Austrian eta Suitzan, baita Espainiako hainbat herritan ere: Gijon, Murtzia, Sevilla, Ciudad Real… Horretaz gainera, Euskal herrian han eta hemen eskaini zituen emanaldiak, dantza berriak ikasteari utzi gabe.
XXI. mendean sartzea aurreko hamarkadaren jarraipena baizik ez da izan: tikiekin lan bikaina egin da, eta horri esker gaur egun ehun gaztetxotik goitik ikasi eta gozatu egiten du euskal folklorearekin; errepertorio zabala eta anitza, eta urtero dantza berri bat ikasten saiatzen da; hamaika emanaldi gure lurretan barna: Otsagabia, Leitza, Tiebas, Cintruenigo, Cortes, Larraga, Ezkirotz… eta baita atzerrian ere: Frantzian, Italian, Alemanian, Hungarian, Polonian, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan. Baina, batik bat, euskal folklorea berreskuratzen, mantentzen eta zabaltzen jarraitzeko gogo eta ilusio izugarria.
2007. urtean Euskal Herriko lurralde guzietako dantzak biltzen zituen dantza ikuskizuna antolatu zuen Oberenak. Naiaran (Errioxa) eskaini zuten, eta horrek, beste bide bat ireki zuen taldean. Ordutik, hainbat muntai prestatu dira taula gainean: Barakaldon, Artikan, Nafarroako Gobernuak antolatutako Kultur emanaldietan… Dantza ikuskizuna hobetzea izan zen asmoa.
Hondarreko hamarraldian tikiak nabarmendu dira. Izan ere, lehenbiziko aldiz Oberena dantza taldeko tikiek ikusgarria taularatu zuten: Lizarren doinua. Obra horrek antzerkia eta dantza uztartzen zituen. 70. urteurrenaren karietara eskaini zuten lehenbiziko aldiz 2011ko azaroaren 19an, Nafarroako Antzerki Eskolan. Dantzariez gain, Oberena fanfarreak, Arrosadiko txalapartariek, gaiteroek eta Azpilagañako Gartxot Erraldoi
Konpartsak ere parte hartu zuten lan horretan. Bestalde, ikus-entzunezko euskarriak ere baliatu zituen obraren zati batean, Jon Garaik egindako marrazki bizidunei esker. Ezbairik gabe, Oberenako dantzari tikiek egin duten proiektu handiena izan da hau. Lan mardula eskatu zuen, baina 70 urte betetzeak ez zuen gutxiagorik merezi. Obra 2012ko azaroan errepikatu egin zen, Beran eta Burlatan, hurrenez hurren.
2015. urtean barne eztabaida prozesu batean taldeko norabidea aldatzea erabaki zuten dantzariek. Talde barneko harremanak aztertu zituzten, eta, batez ere, emakumeek eta gizonek dantzan duten rola. Parekidetasunerako bidea abiatu zuten, eta konpromiso hori taulara eraman zuten 2016ko otsailaren 20an. 75. urteurrena dela eta, Iturri zaharretik, indar berriz ikusgarria aurkeztu zuten egun horretan Baluarteko areto nagusian. Dantza taldearekin batera, oholtza gainera igo ziren Valentziako etxeko banda sinfonikoa, Oberenako abesbatza eta Haizaldi taldeko gaita joleak. 1369 lagunek bete zuten aretoa.
Urte hartan Nafarroako Gobernuak aitortza egin zion taldeari, 75 urtetan euskal dantzen berreskurapenean, ikerketan eta zabalkundean egindako lanarengatik. Uxue Barkos orduko lehendakariak Karlos III.aren domina eman zion taldeari. Iruñeko Udalak ere egin zion aitortza, urte hartako txupinazoa botatzeko hautagai aukeratu baitzuten taldea; azkenean Jesús Ilundain Zaragueta El Tuli-k bota zuen hiritarrek hala erabakita. Urteurrena dela eta, ekitaldi anitz antolatu ziren.
Urteurrena atzean utzita, antzerkia eta dantza uztartzen zituen ikuskizun bat prestatu zuen Oberena dantza taldeak 2017. urtean: Oroitzapen hutsak. Jose Angel Dorremotz ttunttuneroaren bizitza kontatzen du, fikziozko istorio baten bidez. Ikusgarri horretarako propio sortutako dantzak ere aurkeztu ziren oholtza gainean. Abuztuaren 24an estreinatu zen, Agoizko kultur etxean, Nafarroako Gobernuaren Kultur programazioaren baitan.
Azkenengo urteak sorkuntzari emanak izan dira. 2018ko abenduaren 23an Azpilagañako ezpata dantza aurkeztu zuten Oberenako dantzariek. Urtero egun horretan egiten den dantza da, 18:15ean, Migel Astrain karrikaren atzealdean. Horrekin batera, Olentzeroren bestari buruz hausnartu ondoren, gazteei paper nagusia eman nahian puska biltzea antolatzen hasi ziren.
Hiru urte beranduago Arrosadiko soka-dantza plazaratu zuen taldeak, sanjuan gauez urtero dantzatzeko. Aurretik ere dantzan aritzen ziren, baina ez zuten dantza propiorik. Dantza hori auzoko talde edo pertsona esanguratsuak omentzeko baliatzen du taldeak.
Oberenaren historiari buruzko artikulua, Dantzariak aldizkarian