Azpilagañako ezpata dantza

Tradiziozko dantza izateko asmoarekin berriki sortutako dantza da Azpilagañako ezpata dantza. 2018. urteko abenduaren 23an plazaratu zen estreinakoz Iruñeko auzo horretan, eta urtero-urtero data horretan eginen da. Oberena dantza taldeak sortutako dantza da, eta talde horretako dantzari eta musikariek dute urtero dantza plazaratzeko ardura. Miguel Astrain karrikaren atzealdean egiten da, parkearen ondoan dagoen plaza txiki batean. 18:15etarako dantzariak han dira, karrika dantza txiki batekin bertara ailegatu ondoren, eta dantza plazaratzen dute: zortzikoa, ezpata dantza eta karrika dantza.

 

Olentzero bestaren baitan egiten denez gero, dantzak bukatzerakoan ezpata dantzariek zubia egiten dute auzoko Olentzero eta Mari Domingi gorpuzten duten pertsonak haren azpitik pasatu daitezen. Dantzari txikiek aurreskua dantzatzen diete pertsonai horiei auzoko segizioa hasi aurretik.

 

Ezpata dantza egin aurretik, Oberena dantza taldeko gazteak Arrosadia eta Azpilagaña auzoetan barna ibiltzen dira, Oberena Gaztea taldeko kideek egindako Olentzero panpina gainean eramanda. Auzoko eragile, taberna edo familiek jan-edana ematen diete kopla eta dantza baten truke. Azkenengo geltokia Azpilagañako Luis Morondo kaleko etxabe batean egiten da. Ezpata dantzariek han paratzen dituzte dantzarako jantziak, eta handik abiatzen da karrika dantza. Horri heldu aurretik, ezpata dantzariak borobilean bildu eta esaera zaharra errepikatzen dute, negua goxo iragan dadin: Elur malur, ez nauk hire beldur, badiat etxean nahikoa arto eta egur.

 

Jantziak

 

Azpilagañako ezpata dantzariak horrela janzten dira: txapela beltza, atorra zuria, koloretako zapi handiak, zapia lotzeko paparreko orratza, koloretako gerrikoak, gona grisak, britxe zuriak, txintxarriak, galtzerdi grisak eta larruzko abarkak. Buruzagiaren txapela koloretako zintak ditu.

 

Azpilagañako ezpata dantzan erabiltzen diren makilak

 

Dantzarako makilak ere erabiltzen dituzte. Neguko dantza izanik, kolore biziko zintekin inguratu beharrean, makil soilak erabiltzearen alde egin zen, neguan zuhaitzak ageri diren bezala. Hala ere, irudi batzuk dituzte zizelkaturik: alboetan lauburua eta eguzki-lorea ageri dira, erdian Azpilagañako eta Oberena dantza taldeko armarriak parez-pare, eta atzeko aldean, mezu bat: Elur malur, ez nauk hire beldur.

 

Musika

 

 

Bideoa

 

 

Argazkiak

 

 

Komunikabideetan: