Villafranca de Penedès

DIADA NACIONAL DE CATALUNYA

Kataluniako Egun Nazionala edo Diada Nacional de Catalunya urtero ospatzen da irailaren 11an, 1714an Espainiako Oinordetzaren Gerra bitartean gertaturiko Bartzelonaren erorketa gogoan hartzeko. 1980 ezkeroztik festa nazional izan den honetara hurbildu ginen Oberena dantza taldekook Ardanbera fanfarrearekin batera. Xicots de Villafranca collak gonbidatu gintuen Villafranca de Penedèsera. Colla deritzote castellers-ak egiten dituzten taldeak eta bakoitzak kolore bat hautatzen du bertze colletatik bereizteko. Xicots de Villafancakoek gorria daramate eta gorria da beraz haien atorra eta zapia.
Igandean atera ginen Euskal Herritik Katalunia aldera. Bazkaldu eta berehala Oberenan ginen arropa guzia busean kargatzeko. Autobusak Villafranca aldera jo zuen eguerdiko 3tan. Bortz orduko bidaia pasa genuen eta aterpe batean utzi genituen maletak segituan Xicots de Villafrancakoen lokalean afaltzeko. Afal ostean kantu, irri eta dantza nola ez. Gaztelu bat egin genuen haiekin (beno, guk lan gutxi, Sergiok ez ezik lehen pisuan izan baitzen). Cava eta patxarana, dantzak eta castellak, euskal herria eta katalunia, ez zen zaila izan lagun onak egitea. Biharamunean Torres bodegetara joan gintzaizkien bisitan eta amaitzeko “tinto corona” probatera. Horren ostean, nola ez, pantomaca eta butifarra askaltzeko. Gero, han ospatzen den Festa Major bestaren museora abiatu ginen, hango kultura sakonago ezagutzeko. Bazkal ostean siesta (beharrezkoa bestondokoari aurre egiteko) eta gauean dantza emanaldia. Dantzan amaitu genuen eta Guluk tortxen desfilera lagundu gintuen. 11etan hasten zen eta 00tan amaitu, hots, diada nazionala hastean amaitzen zen Katalanaren eta bere kulturaren alde eginiko manifestaldi hau. Castellers, esteladak, dultzainak, diskurtsoak, omenaldiak, … benetan hunkigarria katalanendako eta baita gurendako ere, haiek ere herri bat izan nahi dutelakoz. Horren ostean… Diskotekarat! biharamunean bazegoen baten bat kriston bestondokoarekin baina 11etan hasi zen desfilea eta hainbatetan dantzatu behar izan genuen. Xicots de Villafranca collakoek haien 25. urtemuga ospatzen zuten eta horregatik, 1982ko irailaren 11an eginiko gaztelua errepikatu zuten Torras i Bages liburutegiaren aitzinean. Omenaldi gisa, bi castellers beterano izan ziren bigarren pisuan (piñaren gainean). Diada egun berezia da katalanendako, haien aberri eguna baita, eta bazkari erraldoi bat egin beharra zegoen, beraz 500 pertsonendako paella egin zuten. Bazkalostean musika beti bezenaz. Dultzainero katalanak hasieran, Ardanbera fanfarrea gero, tartekatuz joan ziren hango eta hemengo doinuak.
Motza bidaia, baina etxera joateko ordua iritsi zen, beraz, autobusean sartu ginen estelada eta guzti. Busetik ikusi genuen guretzako egin zuten agur kastell-a eta goikoak txapela atera zuen Euskal Herria eta Catalunyak izan dugun anaiarteko harremana irudikatzeko.