Igandean Legazpin dantzatuko dute Oberenako ttikiek

Korosti dantza taldeak antolatzen duen dantza jaialdian parte hartuko du Oberenak egun osoz. Iruñean, Zaporeak elkartearen ‘Koxk’ jaialdi solidarioan parte hartuko dute nagusiek || Oberena participará en el festival organizado por el grupo Korosti. En Pamplona, dantzaris del grupo de mayores bailarán en el festival solidario ‘Koxk’ organizado por Zaporeak

2018-04-20 16:19

Urteroko hitzordua da Legazpikoa, eta aurten ere han izanen da Oberena dantza talde ttikia. Etzi abiatuko dira egun osoko jaialdian parte hartzeko. Bertako Korosti dantza taldeak antolatzen du, eta orotara 11 dantza taldek parte hartuko dute: Oñatiko Oñatz, Urretxuko Lurra, Aguraingo Jeiki, Antzuolako Oinarin, Berako Gure Txokoa, Gabiriako Goruntz, Zumarraga-Urretxuko Irrintzi, Beasaingo Aurtzaka, Legazpiko Sustraiak eta Korosti eta Iruñeko Oberena.

11:00etan topatuko dira dantzari ttiki guziak, eta hamaiketakoa hartuta, kalejiran abiatuko dira. 13:15ean talde guziek Euskal Herria plazan dantzatuko dute. Arratsaldean ere dantzak eskainiko dituzte toki berean. 17:30ean Bikuñaenea plazatik aterako dira dantzariak, azkenik Euskal Herria plazan emanaldia eskaintzeko.

Elkartasun zaporea

Bien bitartean, Oberena dantza taldeko kide nagusiak eta Oberena Gaztea taldea Iruñean izanen dira, Zaporeak elkarteak antolatu dituen Elkartasunezko Jardunaldi Gastronomikoetan parte hartzeko. Hainbat taldek parte hartuko dute errefuxiatuei janaria prestatzen dieten boluntarioen alde giroa berotzen.

Oberenako ttikiak dantzan. [Iker Aranguren]

Oberenako ttikiak dantzan. [Iker Aranguren]