Libertimendua, por primera vez en Arrosadia

Arrosadiko libertimendua eginen da, lehenbiziko aldiz, larunbatean. Karrika inguruan ibili ondotik, emanaldi nagusia Manuel de Falla plazan izanen da || Este sábado se hará por primera vez un libertimendua en Arrosadia. Tras el pasacalles, la actuación principal será en la plaza Manuel de Falla

2024-02-15 18:00

(PRONTO TAMBIÉN EN CASTELLANO)

Arrosadiak libertimendua izanen du aurten. Lehenbiziko aldia izanen da Alde Zaharretik kanpo Iruñeko auzo batean halakorik egiten dela. Arrosadiko Haizegoa euskara taldeak bultzatuta sortu da, eta auzoko zenbait eragilek eta norbanakok parte hartu dute antolaketan; besteak beste, Oberena dantza taldea. Izan ere, libertimenduko dantzariak Oberenakoak izanen dira. Zirtzilen artean ere izanen da taldeko dantzaririk.

Eguna 11:00etan abiatuko da, Bardenas ostatutik. Kalejirak bi geldialdi gehiago izanen ditu: Hegoalde ikastola (bertako gurasoak arduratuko dira) eta Lagun Zaharrak elkartea. Hiru leku horietan jan-edana eskainiko diete parte hartzaileei. Bukatzeko, plazan ariko dira dantzari, musikari, zirtzil eta bertsolariak: 12:30ean, Manuel de Fallan. Euririk eginen balu, Hegoaldeko frontoi estalian izanen da.

Txosnetan sortutako ideia

Iazko bestatan sortu zen ideia. Haizegoa taldeak sukalde txanda zuen, eta Oberenako kide bat ere batu zitzaien lanera. Inauterietan zerbait berezia egin nahi zuten, euskarari lotuta eta Motxuelo pertsonaiarekin zerikusia zuena. Auzoko gazteen inplikazioa bultzatu nahi zuten, eta haien hizkuntza ohituretan eragin. Berehalaxe ohartu ziren libertimendu bat egitea zutela aukerarik onena. Esan eta egin. Hortik aurrera zenbait bilera egin ziren, zenbait ideia trukaketa, zenbait ate jo ziren auzoan eta, azkenik, larunbatean erakutsiko dute lan horren emaitza.

Arrosadiko libertimenduko afixa (Jon Garai)

Arrosadiko libertimenduko afixa (Jon Garai)

Libertimenduan auzoko gazteak ariko dira dantzan eta zirtzil kontuetan. Musikaz, auzoko Izugarri fanfarrea arduratu da; eta, koordinazio lanez, Haizegoa euskara taldea. Bertolariak Ainara Ieregi eta Mikel Lasarte izanen dira.

Handik eta hemendik, baina auzoarentzat

Libertimendua sortzeko Iruinkokoa eredu izan dute auzoan, hori baita Iruñean egiten den libertimendu bakarra. Horretaz gainera, Nafarroa Behereko libertimenduetan ere paratu dute arreta. Arrosadiari lotutako inauteriak nahi zituztenez gero, auzoari ertsiki lotutako libertimendua izanen da, bertako elementuak erabiliz, eta, batez ere, auzoari buruz mintzatuz.

Pertsonaia bat ere sortu dute libertimendurako propio: Motxuelo. XIX. mendeko gerrilari liberal bat izan zen, eta hark ematen zion izena auzoari garai batean. Pertsonaia hau egiteko lanetan aritu dira Jon Garai, Jose Barberia eta Isabel Barberia auzokideak.

Dantzari dagokionez, Erriberako zenbait makil dantza eta Nafarroa Behereko zenbait dantza emanen dituzte Oberenakoek. Makil dantza bat ere sortu dute egun horretarako, eta Cabanillasko musika baliatu dute plazan sartzea egiteko. Jantziak sortzeko, koktelera martxan paratu dute: Nafarroako bi alde horietako jantzietako elementuak hartu eta auzoan baliatzen dituzten jantziekin nahastu dituzte. Emaitza larunbatean ikusgai izanen da.

Libertimendu xumea izanen da, auzokoen artean sortutakoa, eta pretensio handirik gabekoa. Auzoa biziberritzea, Arrosadian euskarari lekua ematea eta arrosadiarren hizkuntza ohituretan eragitea izanen du helburu nagusi. Belaunaldi arteko harremanak estutzeko ere balioko du libertimenduak. Nolanahi ere, auzoko inauterietako egitarauaren parte bat baizik ez da libertimendua. Ondotik, bazkaria izanen da, eta, arratsaldean, musika eta giro paregabea.