Palestinako, Boliviako, Ekuadorko eta Kataluniako dantzak, Arrosadian

Kulturarteko dantza jaialdia antolatuko du Oberena dantza taldeak urriaren 10ean. Watani Group, Ball de Bastons del Clot, Tinkus San Simon eta Raíces Andinas taldeak gonbidatu dituzte

2026-09-30   12:40

Kulturarteko dantza jaialdi bat antolatuko du Oberenak Iruñeko Arrosadia auzoan, urriaren 10ean. Dantza taldearen 85. urteurrena ospatzeko azken ekitaldia izanen da, eta Palestinako, Boliviako, Ekuadorko eta Kataluniako dantzak ikusgai izanen dira, euskal dantzekin batera. Watani Group, Ball de Bastons del Clot, Tinkus San Simón eta Ballet Floklórico Raíces Andinas taldeak arituko dira oholtza gainean Oberenako dantzariekin batera. Jaialdia 12:00etan izanen da, Felixa Munarriz plazan, baina aurretik kalejira eginen dute 11:30ean Oberenatik abiatuta.

Herrialde Katalanetatik datorren taldea kenduta, gainerakoak ez dira jatorrizko herrialdetik etorriko, baina taldeko kide gehien-gehienak herrialde horietatik etorritakoak dira edo herrialde horietan sustraiak dituzte.

Emanaldia bukatuta bazkaria eginen dute Zabaldi elkartean, eta bazkalondoa luzatu eginen da elkarri dantzak erakutsiz eta elkarrekin dantzan arituz.

Arrosadia auzoan jatorri eta kultura askotako jendea bizi da, eta horrek bultzatu du Oberena kulturarteko jaialdi bat antolatzera. Aurretik ere zenbait egitasmo egin ditu auzoko beste talde batzuekin, tartean baita emanaldiak ere. Jaialdiak kultur aniztasunari gorazarre egin nahi dio, geroz eta zabalduago dauden diskurtso erreakzionario eta arrazistei buru egin, eta dantzak kulturen arteko trukean eta batasunean joka dezakeen rola nabarmendu.

Gonbidatutako taldeak:

Watani Group taldea Madriletik etorriko da, eta palestinar dantzak emanen ditu. Watani hitzak nire aberria esan nahi du, eta haiek diotenez horixe da dantzara bultzatzen dituena: haien lurrarekiko, jendearekiko eta historiarekiko maitasuna. Haientzat dantza ez da entretenimendu hutsa, haientzat dantza memoria, identitatea eta erresistentzia dira, okupazioaren eta genozidioaren aurkako urratsak. Dabke deitzen da Palestinako dantzarik ezagunena, eta erakustaldi aparta eskainiko du Watanik.

Ballet Folklórico Raíces Andinas taldeak Ekuadorko dantzak aurkeztuko ditu. Gazte ekuadortarrek osatutako talde handia da, eta Tuteratik etorriko dira. Haien errepertorioak Ekuadorko kultur aniztasuna islatzen du, eta Sierra eskualdeko kultura tradizionala lantzen dute: Cayambeña eta Otavaleña dantzak, Chimborazo bezalako tradizioak, eta Aya Huma eta Bomba del Chota pertsonaia mitikoak.

Ball de Bastons del Clot taldea Bartzelonatik dator, Clot-Camp de l’Arpa auzotik hain zuzen ere. Katalunian oso errotuta dauden makila dantzak plazaratuko dituzte, gralla deitutako gaitaren doinuei jarraikiz. Taldea auzoko bestetan aritzeko sortu zuten 2009. urtean, baina gaur egun han eta hemen aritzen dira dantzan. Garraf eta Penedès eskualdeetako estiloan oinarritu ziren hasieran, baina poliki-poliki haien estilo propioa garatu dute. Tradizioz jasotako dantzak eta haiek sortutako dantzak eskaintzen dituzte; esaterako, Joan del Riu, la Tarantel·la eta la Trena dira haiek sortutako hiru.

Tinkus San Simon taldeak Boliviako dantzak eskaintzen ditu. Arrosadia auzoko taldea da, eta Oberena dantza taldearekin zenbait alditan aritu da. Tinkus San Simon Nafarroako filiala boliviar anaitasun bat da, izenak dioen bezala tinku dantza plazaratzen duena. Tinku hitzaren jatorria quechua eta aymara da, eta bilkurari eta batasunari egiten dio erreferentzia. Nafarroako filiala duela zazpi urte sortu zen, eta adin guzietako dantzariak biltzen ditu: haurrak, gazteak eta helduak.