Badok hamairu

Oberena dantza taldeak bigarrenez plazaratu zuen Azpilagañako ezpata dantza abenduaren 23an. Aurretik, puska biltza egin zuten auzoan barna

2020-05-09 18:15

Konturatzerako abenduaren 23a zen, eta gona grisak eta zapi koloredunak janzteko tenorea genuen berriz ere. Azpilagañako ezpata dantza urtean behin baino ez genuela eginen eta, hasieran, bazen larritu zenik. Baina, esandakoa, ohartzerako igaro zen urte bete, eta txintxarriak hanketan loturik atera ginen aurrekoa herenegun izan balitz bezala.

Eguraldi epela izan genuen, eta behelainorik ez! 2018an bederatzi ezpatadantzari izan ziren plazan, eta 2019an hamahiru: Rakel Argain, Sara Aniz, Ainhoa Izkue, Jaizkibel García, Mikel Mugeta, Irene Araujo, Iñigo San Martín, Irene Milagros, Sergio Milagros, Josune Egea eta Iker Tubia arduradu ziren dantzaz; Aitor Urkiza, Ricardo Madinabeitia, Odei Carte eta Javier Landa musikaz. Ezpata dantzak plaza bere egin zuen hamahiru dantzarirekin.

Baina lehenago hasi zituzten lanak dantzari eta musikariek. Batzuk 14:00etarako Oberenan ziren, trago batzuk hartu eta pintxoren bat jateko. Ez sobera, ondoko puska biltzerako tokia utzi beharra baitzen. 15:30etarako gehienak Oberenan ziren. Puska biltzako bertsoak birpasatzeko entsaio txiki bat egin, eta Oberena Gaztea taldekoak aurreko egunetan prestatu zuten Olentzeroren eske igo ziren 2-3 aretora.

16:00ak jo aurretik dantzariak prest ziren. Musikariei bost minutu itxaron, eta kalejiran atera ginen denak. Aurtengo Olentzerok iazkoaren antza zuen, baina ezberdina zen, era aberean. Zapia buruan, gona gerrian, zintak soinean eta egurrezko hanka zintzilik. Zertan arituko ote zen Olentzero horrela agertzeko?!

Lehenbiziko geltokia haur eskolaren aurrealdean izan zen: Arrosadiko eta Azpilagañako Gazte Mugimendua arduratu zen jan-edanaz, Oberenakoak musikaz eta dantzaz. Gazteen bertsoekin hasi ginen, eta abenduan antolatu zuten truke-azoka ekarri genuen gogora:

Gazte aktiboei
lore ta alabantza
aurten truke azokan
dute konfiantza.
Proposamen bat dugu
pagotxa da antza:
jan-edanaren truke
kantu eta dantza.

Sabela betetzen hasita, Albenizerako bidea hartu genuen txistularien doinuei jarraikiz. Batzuk harriturik begiratzen zioten Olentzerori, beste batzuek iazkoa zuten gogoan. Albeniz ostatura ailegatuta, etxekoak kanpora aterarazi eta bertsoak kantatu genizkien, esker ona adierazteko. Jatekorik ez zen geratu mahai gainean horren ondoren.

Ez dugu irabaziko
O.T. lehiaketa
baina kantan hasi da
zuentzat Mugeta.
Atera txisburgerra
pintxo edo kroketa,
Olentzero panpina
gosez dugu eta!

Hirugarren geltokia Azpilagañan zen. Berriz ere Olentzero bizkarrean hartu, eta Zaragoza etorbidea zeharkatu genuen txistulariekin batera dantzan. Batzuk basoa eskuan, aurreko ostatuan ezin bukatuta ibili ondoren. Harrera beroa egin zuten erretiratuek: txalo zaparrada jaso zuten gazteek Olentzerorekin haien egoitzaren atarira ailegatzean. Patxarana eta polboroiak nahi adina, noski, kantuaren truke.

Agur erretiratu
aitona ta amona
barka moztu badugu
gaurkoan txintxona.
Harrera ederra da ta
gogoz gatoz hona.
Eguberri on eta
zuei zoriona!

Esker hitzak gurutzatuta, eskuekin keinua eginez agurtu zituzten gazteak, eta Luis Morondo karrika hartu. Ordurako ezpata dantzariek eskapu egin zuten, jantziak aldatzeko. Luis Morondoko etxabean izan zen azkenengo mokadua, dantzariak aldatzen ziren tokian. Isabel eta Javier Luisek denetarik prestatu zuten: salda, tortilla, urdaiazpikoa, erroskilak… Merezi zuten bertsoa, zinez.

Kaixo familia eta
auzo guziari!
Aurten ere badugu
janari ugari.
Ez zauzue utzi hau
antolatzeari
Graxi aritu arte
ezpata dantzari.

Azkenengo geltokia izanik, taldeko ttikiak ere batu ziren, eta Olentzerok oparitxo bat ekarri zien: Lizarren doinua ikusgarriaren DVDa. 2011n estreinatu zen ikuskizun hori, eta orduan dantzari ttikiak zirenak dezente kozkortu dira dagoeneko. Heldu diren belaunaldiek aurretik egindako lana ezagutzea garrantzitsua dela jakitun ekarri zien Olentzerok opari baana.

Eta listo. Ailegatu zen dantzarako tenorea. Jantziak txukun paratu, azkenengo luzaketak, eta Miguel Astrain karrikaren atzealdean batu ziren ezpatadantzariak. Denak borobilean bildu, makilak batu eta auzoan negua ongi joan dadin esan zuten konjurua: Elur malur ez nauk hire beldur. Badiat etxean nahikoa arto eta egur! Berehala hasi zen Odei Carteren tarrapata atabalarekin, eta jarraian txistularien doinuak, karrika dantzari ekiteko. Makilak gora eta behera, gurutzeak han eta hemen, ailegatu ziren plazara dantzariak.

Plaza txikiak halako goxotasuna ematen du, eta ikusleen hatsa sentitu liteke gertu-gertu baitira denak. Deia jo eta abiatu zen zortzikoa. Jarraian ezpata dantza, eta berriz ere karrika dantza, plaza uzteko. Plazari itzulia eman ondoren, txalo zaparrada jaso zuten dantzariek. Ondoren etorri ziren Olentzero eta Mari Domingi, joaldunen atzetik. Ezpatadantzarien zubiaren azpitik igaro, eta dantzari ttikiek aurreskua dantzatu zieten. Talde argazkia egin, eta denak abiatu ginen Olentzerorekin batera kalejiran, auzoa dantzan zeharkatzeko gogoz.

Horren aurretik, noski, ezpata dantzako jantziak berriz ere erantzi, eta bigarren urtearekin dagoeneko tradizio bihurtu den patxaran edateari ekin zioten dantzariek. Berehala batu ziren, dena den, kalejirara.

Ea COVID-19ak aurten zirrara hori berriz ere sentitzen uzten digun!

p.d.: Dantza ikusi nahi baduzu, hemen duzu bideoa: