Larunbatean libertimendua eginen dute Arrosadian

Haizegoa Euskara taldeak eta Oberena dantza taldeak bat egin dute bigarrenez libertimendu bat plazaratzeko. Kalejira 10:00etan hasiko da, eta 12:30ean izanen da plaza hartzea || Haizegoa Euskara taldea y Oberena dantza taldea vuelven a organizar un libertimendua para carnavales. La kalejira comenzará a las 10:00 y la actuación central será a las 12:30

2025-03-12 17:45

Arrosadian inauteriak ospatuko dituzte larunbatean, eta bigarren urtez, goizean libertimendua plazaratuko dute auzoko gazteek. Haizegoa Euskara taldeak eta Oberena dantza taldeak bat egin dute aurten ere inauterietan euskarari erdigunea emateko. Zirtzilek, dantzariek, musikariek eta bertsolariek auzoko karrikak zeharkatuko dituzte goizean, eta eguerdian emanaldia plazaratuko dute Manuel de Fallan. Euria eginez gero, Hegoalde ikastolako frontoian izanen da.

10:00etan abiatuko da segizioa, Bardenas ostatutik. Ondoren, Pico de Ori estankoan, Hegoalde ikastolan eta Lagun Zaharrak elkartean geldialdiak eginen dituzte emanaldi nagusirako indarrak hartzeko. Eguraldi prebisioei so ari dira antolatzaileak, eguraldi txarrak baldintzatu baitezake hasierako asmoa.

Aurten hazi egin dira taldeak: bederatzi zirtzil eta hamasei dantzari arituko dira. Zinta-dantza bat ere sortu dute Oberenako dantzariek Erriberako doinu baten gainean. Dantza bat gehiago izanen da, jeikaldi bat gehiago ere izanen delako. Jantzietan ere berritasun txikiak izanen dira.

Auzoko inauteriak direnez gero, ez da soilik libertimendua izanen. Herri bazkaria eginen dute San Fermin peñan, haurrendako jolasak izanen dira arratsaldean eta baita mozorro kalejira ere. Iluntzean peñara itzuliko dira denak, gaupasa han izanen baita.

Arrosadiko libertimendua iragartzen duen afixa. JON GARAI

Arrosadiko libertimendua iragartzen duen afixa. JON GARAI